XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

d) Europa'ko Ifar-aldea.

Pleistozeno'ko izoztiak bukatzean zeinbait eiztari-talde Ifar-Europa'n biltzen dira.

Europa'ko Ifar-aldea Mesolitos garaian eize eta arrantzarako aberastasun andiko lurraldea zan.

Batez ere, lurralde otz xamarrak ziranez, elur-oreinak eta honelako beste zenbait abere mota ugari aurki zitezkean.

Arrantzarako ere ba zan zingira eta itsas-ertz egokirik.

IV-garren millurtearen erdi-aldean jartzen dira arremanean Ifar-Europa'ko mesolitos-talde hauek, Erdi-Europa'n kokatuak zeuden lehen nekazariekin.

Ba zan arrazoirik arreman hauek lehenago ez izateko.

Dirudienez, Alemania, Polonia, Dinamarka, eta Baltiko eta Ifar-Itsasoko lurralde-inguruak oso eskasak ziran nekazaritzarako.

Batetik loess lur-azalik etzuten, eta ezkoegiak ziran, bestetik.

Lur hauek etzuten lanberri bihurtzeko balio.

Hau hola izanik, Ifar-Europa'n Neolitos aroa hain berandu astearekin ezin arritu.

Dana dala, K.a. IV-garren millurtean protoneolitiko kultura antzeko bat ageri da Europa'ko Ifar-aldean.

Abereak ezitzen asiak dira.

Lan-tresnarik gehienak Mesolitos garaikoak dira.

Halabainan, Neolitos aroko zenbait langai ere ba darabilzkite: Arrizko atxur, aizkora eta mailluak adibidez.

K.a. III-garren millurtean, zibilizazio berri bat sortu zan Beljika eta Polonia eta Suezia eta Morabia artean dauden lurraldeetan.

Zibilizazio berri honek lehengo mesolitos-ekonomia zeharo baztartu araziko du.

Ba dirudi aldakuntza hau kanpotik etorritako giza-taldeek egindako kolonizatze baten ondorio izan zela.

Baina bertako mesolitos garaiko zenbait ezaugarrietan oinarrituta dagoela ere aitortu beharra dago.

Nekazari-ekonomian finkatuak dira bereziki.

Hauek ere garia eta garagarra eraiten zituzten gehienbat.

Labore-lan honekin batean, aberegintzan ere aski saiatuko dira.

Lan-tresna kontuan berriz, su-arriz egiñikakoak dira ugarienak: aizkora, daratuloa, aizturra eta abar.